XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELIZA-BERRI. BOKAZIONEAK SUSTA

Orai urtea, Baionako jaun apezpikuak bere diosesako girixtinoen gogoeta eta indarrak bi xede bereziri buruz gidatzen zituen: alde batetik, parropietan eta ahal zen toki guzietan, kontseilu batzu munta ziten, laikoek beren apezekin batean hobeki parte har zezaten elizaren bizian eta karguan; bestetik, denek arta ukan zezaten, apez, fraide, serora eta misonest bokazionetaz.

Lehen sailean, asko urrats bada eginik han edo hemen, eta aintzina segitu behar.

Bigarren xedea dauku aurten jaun apezpikuak gain-gainetik gomendatzen, apezpikutegiko agerkarian izkiriatu duen artikulu batean.

Bokazionea zer den, nahi dauku lehenik orroit-arazi.

Bi libertateren elgarretaratzea da bokazionea.

Jainkoaren libertatea lehenik: Jainkoak deitzen ditu nahi dituenak; nor ariko zaio kontseilu emaiten? Bainan Jainkoak deitzen duen gizona ere libro da: harek baizik ez dezake entzun galdeari ihardets.

Hortakotz, errespeturik handienarekin behar dugu bokazionez mintzatu: Jainkoaren eta gizonaren libertateari zor diogun errespetuarekin.

Jainkoaren deia aditurik bere baia emaiten duenak, Jesu Kristori fidatuz irriskatzen du bere bizia.

Bainan Jesu Kristoren ondotik ez ditake nehor abia, hura ezagutu eta maitatu gabe.

Hots, amodioan dago bokazionearen funts guzia.

Horra zertako, Jesu Kristoren ezagut eta maitaaraztea da denen lana: familia girixtinoena, apez, fraide eta serorena.

Bokazione berezien pizteko eta laguntzeko lehen bidea hau da: egin ahalak egitea, girixtino guziak izan diten fedean argituago, karitatean kartsuago, esperantzan fermuago.

Girixtinoen bizia suharrago, eta nasaiago sortuko dira bokazioneak.

Neke da deiaren egitea: apez, fraide eta serora ainitz, bihozminekin orroituz ihardetsi ez dutenetaz edo hartu bidetik baztertu direnetaz, lotsatzerat ekarriak dira: dudan egoki, nehor deitu behar dutenetz; ezin mentura deitzerat edo ez jakin nola egin.

Deneri, eta bereziki apezeri, jaun apezpikuak garbiki erraiten diote: fedeak argi dezala zuen bizia.

Jauna maita zazue bihotz guziaz, adimendu guziaz, indar guziez.

Berma zaitezte Kristoren hobeki ezagut eta maita-arazterat.

Gisa hortan preparatzen duzue bokazionen sortzea.

Egun orotako zuen kargua artarekin bete zazue.

Sinetsazue, zuen lanak ekarriko duela fruitu.

Zuen katixima eta beste erakaspenetan, Jesu Kristo ezar-azue lehen; zuen gain diren fededunak gomitazkitzue, sekulan etsitu gabe, otoitz egiterat, sakramenduen hartzerat, mezan elgarretaratzerat.

Ez lotsa.

Errepika zuen deiak, pazientziarekin eta iraupenekin.

Guk uste dugun baino gazte gehiago badira, zerbait igurikatzen dutenak, Ebanjelio-gose direnak.

Heientzat egiten diren bilkurak eta multxoak lagundu behar ditugu.

Bokazioneak, eta oroz gainetik apez bokazioneak, baitezpadakoak dira Elizarentzat.

Bainan egiazki bizi den eliza batek sort-arazten ditu.

Bizi dadin eliza: horri buruz bermatzea, gu guzien eskuetan dago.

Diosesako artzain buruaren solas horiek girixtinoen bihotzetan pitz dezatela esperantza, bai eta bokazionen sustatzeko nahia.

J.H.-U.